ELKARHITZ

 

 

Zergatik?

AltzaBHI institutua osatzen duten ikasleen euskara gaitasun mailarekin kezkatuta dago institutua aspalditik. Hizkuntza arloan gabezia asko dituzte eta harremantzeko hizkuntza gaztelania izaten jarraitzen du bai gela barruan bai jolas garaian hein handi batean. Hori horrela, ikastetxeari ezinbestekoa iruditu zaio gai honi heltzea ELKARHITZ proiektuan parte hartuz.

 

Hiru urteko proiektua den ELKARHITZ-en helburu nagusia  ikasleen euskarazko erabileran eta kalitatean eragitea da, alegia gela barruan euskaraz gehiago (eta hobeto) egitea. Ikasleengan eragiteko, hizkuntza lantzeko eta sustatzeko moduetan eragin behar da, eta horretarako arreta irakasleen lanean jarriko da. Irakaslearen lana lan kolektibo gisa ulertzen denez, sustatu nahi den eraldaketa prozesuak ikastetxeko irakasleen lanaren gaineko gogoeta kolektiboa eragin nahi du.

.

Nolako proiektua izango da?

Elkarlanean oinarritutako proiektua izango da.  Proiektu honetan irakaslearen prestakuntza gogoetatsua bultzatuko da ikastetxean bertan, hau da, bera izango da aldaketaren agentea, berak jarriko du zalantzan egiten duen lana, pentsamendu dialogikoa bultzatuko du eta ikasten duen komunitatearen eredu izango da. ELKARHITZ proiektuak irakaslea auto-formazioarako gaitzea izango du helburu, egunerokotasunean txertatuz praktikaren hausnarketa.

 

Prozesua praktikaren diagnostikotik abiatuko da, eta praktika birdiseinatu, gelaratu eta aztertzea izango da prozesuak sustatuko dituen urratsak. Praktika aztertzeko, praktika horren aztarnak jasoko dira, eta aztarnak jasotzeko tresna hori bideoa izango da. Bideoz jasotako praktikaren analisia egiteko erabiliko den teknika autokonfrontazioa izango da.