MURGILTZE-GELA

 

 

Institutuan aspaldi kezkatuta gaude gure ikasleen euskara gaitasun mailaz. Barne zein kanpo emaitzetan argi ikus dezakegu hizkuntza arloan gabezia asko dituztela gure ikasleek. Egoera horren arrazoiak asko dira: ingurune soziolinguistikoa, familien hizkuntza ezagutza…

Ahaleginak egin dira azken urteetan horri buelta eman nahian, baina egoerak berdintsu dirau. 

Gainera, arazo horri beste hau gehitu behar diogu: geroz eta etorkin gehiago datoz gurera, euskara batere ez dakitenak.

Hori horrela izanik, ikastetxeko zuzendaritza 2018ko uztailean hartu zuen ekipoak proiektu berri bat diseinatu eta aurrera eramatea erabaki zuen. Proiektu horri Murgiltze Gela deitu diogu eta 2019-2020 ikasturtean hasi zen martxan Hezkuntza Sailak Hezkuntza Beharren Indizea dela eta, emandako ordu kopuruari esker. 

 

Murgiltze Gelaren helburu nagusia euskarazko hizkuntza-komunikaziorako konpetentzia garatzea da. Hau lortzearren, eta ikasleariaren euskararen ezagutza maila ikusita, bi esparrutan burutzen dugu lana:

  1. DBHko ikasle guztiekin ahozko-komunikazioa lantzen da, taldeak astean behin erdibituz.
  2. Euskara batere ez dakiten ikasle etorri berriekin hizkuntza irakasten da.

 

2020-2021 ikasturteko xede nagusia ikasleek saioetan zehar ahozko-komunikazioa lantzea izango da. Azken hilabeteetako egoera dela eta, hau da, COVID-19a dela eta, ikasle askok euskararekin zuten harreman apurra galdu dute, eta agerikoa da honek sortutako galera. Antzeman dugu, gure ikasleek zailtasun nabarmenak dituztela haien pentsamendu zein iritzia euskaraz adierazterako orduan, eta hortaz, horretan jarriko dugu arreta. Ezinbestekoa iruditzen zaigu gure ikasleen ahozko komunikazio-gaitasuna lantzea esparru desberdinetan.

Horrez gainera, euskararekiko duten ikuspegian eta jarreran eragitea ere dugu xedetzat. Euskararekiko motibazioan arreta jartzea garrantzitsua iruditzen zaigu baita ere, eta horretarako jarduera zein proiektu desberdinak landuko ditugu ikasturtean zehar. 

Horregatik guztiagatik, bilatzen duguna da ikasleak euskarara gerturatzea eta haien jakin-mina piztea. Egingo diren lanketek zerikusia izango dute eguneroko ekintzekin zein ikasleen errealitatearekin. Egungo gaiak landuko dira eta helburu nagusia ahozko-komunikazioa bera lantzea izango den arren, garrantzitsuak diren gaiak jorratuko dira zeharka baita ere.

Jarduera eta dinamika desberdinez gainera, hirugarren eta laugarren mailan, esaterako, hiruhilekoan zehar, amaieran aurkeztuko den nolabaiteko “ekoizpen” bat landuko da. Ekoizpen horiek ahozko komunikazioarekin izango dute erlazioa eta, beraz, horien inguruko lanketa egingo dute asteroko saioetan. Horren adibide dira, lehenengo hiruhilekoan egin dituzten ahozko-aurkezpenak, eta bigarren hiruhilekoan egingo dituzten irratsaio eta bikoizketa bideoak, besteak beste.

 

Aurtengo beste helburu bat izango da, hizkuntza ez dakiten ikasle etorri berriei harrera egitea ikasle horiek erreferente bat izan dezaten.